XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Pertsonei dagokienez ondorioak pixkanaka agertu ziren.

Egun batean batek mahukak luze geratzen zitzaizkiolako, bainontzian sartzeko eragozpenak zituela edota autoko bolantera iristen ez zelako kexa bota zuen.

Gure futbol taldeak pilota altu guztiak galtzen zituen...

Segitzen al didazu?

Medikuen kontsultategiak berehala gaixo arraroz bete ziren.

Osasuna gainezka izanik ttikitzen ziren pertsonak.

Zapategiek haurrentzako oinetakoak bakarrik zerbitzatzen zituzten eta etxeetan mahai eta aulkien hankak zerratu egin behar izan zituzten eta oholtzak eta aulkitxoak sutondo, harraska eta hozkailuen aurrean ipini.

Gauza bera gertatu zen bulegoetan.

Imajina dezakezu, beraz, guztia.

Klaus Kinke etsita zegoen.

Berak ez zuen ondorio kimikorik jasan, dirudienez likidoak bere baitan zuen gasa lehenengo berrogei minututan jareginez soilik izan zuelako eragina, bera hegaz zegoen bitartean.

- Eta zer egin zuen?

- Txango batean abiatu zen atzerri aldera eta gertaturikoa baieztatzen zuten albisteak bertara iritsi zitzaizkion.

Zenbait hilabeteren buruan itzuli egin zen eta kalte-ordaina *kalte-ordaina: konpensazioa hiriari dirutan ordaintzeko eskaintza egin zion, bere bizi guztian dohainik lan eginez eta bere asmakuntza guztien patentea hutsaren truke hiriarentzat lagaz.

Baina guk bagenekien bera ere aldez aurretik jakin ezin zen okerreko kasu baten biktima izan zela eta lasaitu egin genuen.

Ordutik aurrera egokitu egin gara, normalki lan egin dugu eta turismoa diru iturri gertatu da hiriarentzat.

Ez dakizu zenbat erreportaia eta zinema-telebistarako dokumental egin dizkiguten.

Zenbait hiritar abenturazale zirko ekuestrera joan da edota beren altuera txikia ongi ordaintzen dieten beste eginkizunetara.

Gure tamainurako etxebizitzak proiektatu dituzten arkitektoak ere izan dira baina guk ez ditugu nahi.

Nork daki gerora gu bizi garen bezala bizitzea giza izpirituaren garaipen bat ez ote den izango!

- Eta haurrek eta gazteek ere izan al zuten horren eraginik?

- Normalki hazi ziren metro edo metro eta hamar harrapatu arte.

Horretara iritsi zirenak bere horretan geratu ziren eta altuenak txikitu egin ziren, pertsona helduak bezala.

- Eta ez al dago itxaropenik...?

Zera, ulertzen didazu...

- Azken boladan belaunaldi gazteetako zenbait kide metro eta hamabostera iritsi da, baina tira, azken finean erraldoitasunezko kasu bakanak besterik ez dira.

Eta beste tokitako pertsonak ez dira, noski, gurekin ezkontzen.